Munduko labar grabaturik handienak aurkitu dituzte Orinoco ibaiaren arroan, Kolonbia eta Venezuela arteko mugan. Suge eta ehunzango erraldoiak, giza irudiak eta forma geometrikoak irudikatzen dituzte, baina handienak boa edo anakonda suge espezieenak dira, inguru hartako suge mitikoenak (garrantzi handikoak bertako indigenen mundu ikuskeran eta sinismenetan). Ikertzaileen esanetan, “sugeak, oro har, nahiko mehatxagarritzat jotzen dira; hortaz, labar arteak adieraziko luke leku horiek errespetatu egin behar direla. Gure ustez, historiaurreko taldeek lurraldea markatzeko erabili zituzten grabatuak”. Izan ere, gehien dauden eskualdea funtsezko merkataritza ibilbidea zenez, “han aztarna uztea are garrantzitsuagoa izan zitekeen tokiko nortasuna markatzeko eta bertan nor bizi zen erakusteko”.