Txikitik handira, kate erreakzioa: inurri buruhandiek (Pheidole megacephala) lehoien ehiza ohiturak aldatu dituzte Kenyako sabanan, Science aldizkarian kaleratutako ikerketa baten arabera. Inurri buruhandia espezie inbaditzailea da ingurune hartan, eta, zabaldu ahala, bertako beste espezie bat, Crematogaster mimosae, urritzen ari da. Azken hori akaziekin sinbiosian bizi da: hostoak jatera hurbiltzen diren belarjale handiengandik babesten dituzte. Inurri horiek gabe, belarjale handiek akazia gehiago jaten dituzte. Horrek habitata eraldatzen du, zuhaitz gutxiagorekin sabana irekiagoa delako. Hori kontuan hartuta, Floridako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile batzuek lehoien eta zebren arteko interakzioa aztertu dute, 30 urtez, zebrak direlako lehoien harrapakin nagusiak. Bada, zuhaixka urriagorekin, lehoiek ezkutatzeko leku gutxiago dute, eta zebrek urrutiagotik ikus ditzakete. Hala, zebrak ehizatzea zailagoa dutenez, lehoiek hildako zebra kopurua gutxitu egin da. Bufaloak ehizatzeko joera, aldiz, areagotu egin zaie, nahiz eta horrek lehoi gehiagoren arteko elkarlana eskatu eta askoz arriskutsuagoa izan haientzat.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.