Azaroaren hasieran, AEK-k Erriberako eta Gipuzkoako zenbait euskaltegitako ikasleak eta irakasleak batu zituen Allo-Deikazteluko Biosasun olio errotan. Euskara eta ekoizpena lotzeko bidaia izan zen: ekoizlearen etxea bisitatu, olibondoetara hurbildu eta olioa egiteko prozesuaren xehetasunak ezagutu ondoren iritsi zitzaien AEKideei olioa dastatzeko une gozoa. Hori guztia, Errigoraren ‘Euskarari puzka’ kanpainari bultzada emateko asmoz. Izan ere, Errigorak Nafarroako hegoaldeko ekoizleen produktuak eskaintzen ditu Euskal Herri osoan, eta salmentaren diru kopuru bat Erriberan euskara sustatzeko baliatzen da. Bestalde, Errigorak eta euskalgintzak Agerraldia ekimena jarri dute martxan, Nafarroako hegoaldean, aisialdian ere euskara sustatzeko.