Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dute. Euskal Herriko hainbat alorretako izen ezagunekin osatutako taldea da, eta Euskaraldiaren enbaxadore izango dira. Inoren ordezkari izan gabe, "modu pertsonalean eta borondatez” ariko dira hamaikakoa osatzen duten herritarrak. Hala, konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, Euskaraldiaren eragile ere izango dira, eta herritarrak parte hartzera animatuko dituzte. Honako hauek osatzen dute laugarren Euskaraldiko hamaikakoa: Eneko Atxa sukaldaria, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria, Aitor Bengoetxea musikari eta break dantzaria, Lutxo Egia idazlea, Eneko Garcia Albina Stardust trabestia, Ana Goitia komunikatzailea, Itziar Ituño aktorea, Roberto Moso komunikatzailea, Zibel Untsain dantzaria, Esti Urresola zinemagilea eta Mikel Urrutikoetxea pilotaria. 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da laugarren Euskaraldia, eta dagoeneko hasi da lehen urratsak egiten. Esaterako, herriek eta entitateek zabalik dute izena emateko epea.