Gizonen haziaren kalitateak lotura du bizitzaren luzerarekin, Rigshospitalet Kopenhageko Unibertsitate Ospitalean (Danimarka) egindako ikerketa baten arabera. Berrogeita hamar urtez, 78.284 gizonezkoren semenaren kalitatea aztertu dute. Denen kasuan, bikotekideak ernaltzeko arazoak zituen, ikerketan azaldu dutenez. Hazia aztertzeko orduan, hainbat datu hartu dituzte kontuan: semen bolumena, espermatozoideen kontzentrazioa, eta mugitzen diren espermatozoideen proportzioa eta forma arrunta. Emaitzen arabera, 120 milioitik gora espermatozoide mugikor dutenak 0 eta 5 milioi artean dutenak baino gehiago bizi daitezke: 2,7 urte gehiago, zehazki. Era berean, haziaren kalitatea zenbat eta txarragoa izan, orduan eta bizi itxaropen laburragoa. Lotura hori azaltzeko, gizonezko horiei ez diete aparteko gaixotasunik topatu semen lagina eman aurreko hamar urteetan. Halere, ikertzaileen ustez, semenaren kalitate txarra osasunari eta ugalkortasunari eragiten dieten beste faktore batzuen adierazle izan daiteke. Human Reproduction agerkarian kaleratu dute azterketa.