2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da laugarren Euskaraldia. Hori dela eta, euskararen aldeko bi ekimen jendetsuenak elkartu egin dira, non eta Baionan, 23. Korrika amaitu zen lekuan. Ekitaldian, euskalgintzako eragile nagusiak bildu ziren, txanda aldaketa aldarrikapenez betetzeko. Izan ere, ekimen biek euskarak herritarren babesa duela erakusten dute. Nolanahi ere, azaldu zutenez, herritarren borondatea eta bultzada ez dira nahikoa, euskararen normalizazioak eta biziberritzeak aurrera egingo badu. Hala, helburu horiek jomugan, “hizkuntz politika sendoak indarrean jartzea” ezinbestekoa dela nabarmendu zuten. Ondorioz, euskararen aldeko hizkuntz politiketan jauzia egitea premiazkotzat jo zuten. Betiere, orain arte bezala, “elkarrekin eta elkarlanean”. Hori bai, eskaera egiteaz batera, honako hau gogorarazi zuten: “Euskararen aldeko politikei eman ahal zaien bultzada sendoena ahal bezainbeste euskaraz bizitzea da, inoren zain egon gabe”. Egin beza, beraz, bakoitzak berea.