Berrogeita hamar urtetik gorako pertsona gehienek euren adinkideak baino gazteago ikusten dute beren burua. Hala dio, bederen, Oklahomako Unibertsitateak (AEB) egin eta Psychology And Ageing aldizkariak argitaratutako azterketa batek. Berrogeita hamar urte edo gehiago zituzten 2.048 lagunen datuak aztertu zituzten ikerketan. Erantzunen arabera, % 59k euren adinkideak baino gazteagotzat jotzen zuten beren burua, eta soilik % 6k uste zuten zaharragoak ziruditela. Gainerakoek, ez bata ez beste: adin bertsukoak ziruditela pentsatzen zuten. Sexuari dagokionez, emakumeen artean % 61,9 sentitzen ziren adin berekoak baino gazteago, eta gizonezkoen % 55,9. Adinarekiko pertzepzioa aztertzean, bestelako aldagaiak ere antzeman dituzte. Adibidez, heziketak eta diru sarrera maila handiek lotura dutela gazteago sentitzearekin, baita zahartzea modu baikorrean hartzearekin ere. Hori, halaber, lotua dago osasun hobearekin, hala burukoarekin nola fisikoarekin.