Pisakoa da ospetsuena, baina ez bakarra. Izan ere, Italiako Bolonia hirian bada beste bat, Garisenda dorrea, Pisakoa bezain okerra. Orain, gainera, erortzeko arrisku bizian da. Ondorioz, Boloniako Udalak itxi egin du, eta premiazko lanak hasiko ditu hura konpontzeko. Lehenik eta behin, bost metroko hesia ipini diote inguruan, eroriz gero ez dezan inguruan kalterik eragin. Garisenda dorrea XII. mendean eraiki zuten eta, alboan duen Asinelli dorrearekin batera, Boloniako ikur nagusietakoa da. Egun, 47 metro luze da, XIV. mendean txikiagotu egin zutelako: jada okertzen hasita zegoenez, garaiera erdira murriztu zioten. Asinelli dorreak, ordea, bere horretan jarraitzen du; beraz, Garisendaren altuera bikoitza du. Bisitariak bietan sar badaitezke ere, Garisenda itxi egin dute berriki, gero eta gehiago okertzen ari dela eta, jausteko arrisku oso handia duelako. Konpontze lanak egiten urteak emango dituzte, eta oso garestiak izango direnez, Boloniako Udalak crowdfunding kanpaina abiatu du beharrezko dirua lortzeko.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.