Johann Straussen jaiotzaren 2. mendeurrena eta ESA Europako Espazio Agentziaren 50. urteurrena beteko dira aurten. Horiek ospatzeko, konpositore austriarraren Danubio Urdina balsa espazioan zabalduko du ESAk. 1977an gertaturiko “ahanztura” konpondu nahi dute horrela ESAk eta Vienako (Austria) Turismo Agentziak. Urte hartan, NASA Amerikako Estatu Batuetako Espazio Agentziak Voyager 1 eta 2 zundak jaurti zituen espazio sakona ikertzeko. Besteak beste, hainbat garai eta kulturatako 27 musika pieza gehitu zizkioten zundari: Mozartenak, Bachenak, Beethovenenak... Straussena, ordea, bat ere ez, nahiz eta Danubio Urdina, ezaguna izateaz gain, 2001: A Space Odyssey (Stanley Kubrick, 1968) filmean agertu. Akats “injustu” hura konpontzeko, maiatzaren 31n kontzertua eskainiko du Vienako Orkestra Sinfonikoak Vienan. Zuzenean eskainiko dute Internet bidez, eta Danubio Urdina jotzean seinalea espazio sakonera igorriko du ESAk. Seinalea 23 orduan iritsiko da Voyager 1era (Lurretik 25.000 milioi kilometrora dago) eta, ondoren, Danubio Urdinak izarrarteko espazioan jarraituko du bidaia.