Ekintzaz beteak izan dira maiatzeko asteburuak AEKko eta Korrikako hainbat ordezkarirentzat. Hasteko, hilaren 16tik 18ra bitartean, Bretainiako Roazhon (Rennes) hirian bildu ziren La Passem eta Ar Redadeg lasterketetako kideekin, aurrera begira partekatu beharreko hainbat gako adosteko. Bide batez, Diwan eskolen aldeko manifestazioan ere hartu zuten parte. Hurrengo hitzordua La Passemen izan zuten, maiatzaren 23an, okzitanieraren aldeko lasterketan. Ane Elordi Korrikako arduradunak azaldu bezala, garrantzitsua da hizkuntza gutxituen arteko sarea ehuntzea: "Gure asmoa eta erronka da sare hori gero eta indartsuagoa izatea, besteak beste hizkuntza hegemonikoen aurrean nola jokatu erabaki eta estrategia bateratua osatzeko". Bretoiera, okzitaniera eta euskara. Hiru hizkuntza, hiru ekimen. Helburu bakarra: hizkuntza gutxituen arteko harremanak estutzea, indarrak batu eta egitasmoak sendotzeko.