Pomeroleko (Frantzia) Petrus 2000 uztako botila bat ardo milioi bat dolarrean (834.000 euro) saltzea espero dute, Christie’s enpresaren enkante pribatu batean. Zer dauka ardo horrek, baina? Bada, 14 hilabetez espazioan ondu dela, Space Cargo Unlimited enpresak bidalitako SpaceX Dragon ontzian. Etorkizuneko laborantzari eta elikadurari buruzko esperimentua egin nahi izan dute, dozena bat botila eta 320 mahatsondo aldaxka espazioan nola bilakatzen diren aztertuz. Aipatu botila Maison d’Arts Les Ateliers Victor etxeak diseinatutako kutxa baten barruan salduko dute, meteorito batez egindako kortxoa kentzeko tresna bat, dekantagailu bat eta Lurrean ondutako marka eta urte bereko botila bat ardo gehituta. Espazioan ondutako ardoa Bordeleko Unibertsitatean egon den marka eta urte bereko ardoarekin alderatu dute adituek, eta, diotenez, nabaritzen da aldea ardoaren zaporean, usainean eta kolorean. Beste ezaugarri bati erreparatuta... mozkor puntu bera eragingo ote du?