Eusko Jaurlaritzak eta herri ekimeneko euskaltegiek (AEK-k ere bai) akordioa sinatu dute euskaltegietako irakasleen lan baldintzak hobetzeko; akordioari esker, hurrengo lau ikasturteetan irakasleen soldata handituko da (% 36) eta eskola orduak gutxitu (% 26,5). Horretarako, Jaurlaritzak dirulaguntza handiagoa emango du: urtero, 10 milioi euro gehiago. Jaurlaritzaren asmoa da udal euskaltegiak eta beste euskaltegiak parekatzea. Zergatik? Gaur egun, udal euskaltegietan soldata handiagoa eta lan ordu gutxiago dituztelako beste euskaltegietan baino. Lan baldintzak hobetuta, errazagoa izango da, besteak beste, euskaltegiek irakasle gazteak lortzea eta mantentzea. Euskaltegiek uste dute akordioa “historikoa” dela, baina kontu gehiago ere konpondu behar direla: matrikulen prezioa eta doakotasuna, adibidez.