Buru osasunean nahiz osasun fisikoan, beste norbaiten kontaktu fisikoak bietan egiten digu on. Besteak beste, mina, antsietatea, depresioa eta estresa gutxitzeko balio dezake. Betiere kontaktu adostua denean, jakina. Herbehereetako Neurozientzia Institutuak eta Essengo Unibertsitate Ospitaleak (Alemania) egiaztatu dute kontaktu fisikoaren onura, ikerketa ugari aztertu ostean. Osasunean eragiten dituen mesedeez gain, ondorio gehiago atera dituzte. Esate baterako, kontaktuaren iraupena ez da hain garrantzitsua, ezta kontaktua nork egiten duen eta nola ere. Hau da, lagun baten besarkada terapeuta baten masaje luzea bezain eraginkorra da. Maiztasuna omen da garrantzitsuagoa. Era berean, robot edo makinek egitea pertsonek egitea bezain eraginkorra da, osasun fisikoari dagokionez. Buru osasunean, ordea, ez hainbeste. Bestalde, jaioberriek ere ukituak izatearen onurak sumatzen dituzte, antza. Haatik, haien kasuan, nork ukitzen dituen badu garrantzia: gurasoen kontaktuak mesede handiagoa egiten die osasun langileenak baino.