Duela 3.000 urte, Japonian marrazo batek gizaki bat eraso eta hil egin zuen. Hura izan zen marrazoen lehen giza biktima. Bai, behintzat, oraingoz dakigula. Hala uste du Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile talde batek, Tsukumoko (Japonia) aztarnategiko giza arrasto batzuk aztertu ostean. Ikertzaileek arkeologia eta forentse teknikak baliatu dituzte gizaki hari gertaturikoa argitzeko. Journal of Archaeological Science: Reports agerkarian jaso dutenez, Japoniako Setoko barne itsasoan gertatu zen erasoa. Gizon heldu baten arrastoak dira, hozkadek eragindako ia 800 zauri zituela ikusi zuten. Zaurien markak ugariak ez ezik, sakonak ere baziren. Zauri gehienak besoetan, hanketan, bularraldean eta sabelaldean zituen. Zauriok aztertuta, gizakiek, harrapakariek edota sarraskijaleek eginak zirela bazter utzi zuten. Haien ustez, K. a. 1370. eta 1010. urteen artean hil zen arrantzale bat zen. Ikertzaileen hipotesiaren arabera, arrantzan zebilenean eraso zuen marrazoak, bizirik zela, eta erasoaren ondoren harekin ziren arrantzaleek jaso eta lurperatu zuten. Gorpuari esku bat eta eskuineko hanka falta zitzaizkion. Haginkaden arrastoak aztertuta, marrazo zuriarenak (Carcharodon carcharias) edota tigre marrazoarenak (Galeocerdo cuvieri) izan zitezkeela ondorioztatu dute. Oraindik ere Steven Spielbergen Jaws filmari egotziko al diogu marrazoen ospe txarra?