Ez, lasai, Euskaltzaindia ez da jatetxe bihurtu. Sei hilabeterik behin egin ohi duen moduan, Euskaltzaindiaren Hiztegia sarean (www.euskaltzaindia.eus) eguneratu du Euskaltzaindiak, eta, besteak beste, sukaldaritzari lotutako forma ugari gehitu dizkio. Orotara, 795: 513 sarrera, 199 azpisarrera eta 83 ohiko lexia. Gainera, 1.515 forma zuzendu edo osatu ditu. Hala, orain 51.407 forma daude jasota Euskaltzaindiaren Hiztegian: 69.364 adiera12, 114.002 adibide eta 519 esaera zahar. “Ohi bezala, forma asko ukitu ditugu, eta lehendik genuena berrantolatu, osatu eta zuzendu dugu. Azken batean, hobekuntza lanetan jarri dugu indarrik handiena, hiztegia etengabe berrikusi behar baita”, azaldu du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak. Sukaldaritzarekin zerikusia duten hitzez gain, askotariko beste ugari topa ditzakegu: reggaeton, trapitxeo, patilla, onkeria, sasizientzia, nepotismo, santujale... Ez ditugu denak zerrendatuko, spoiler-a izango da eta!