Euskal planisferioa sortu du Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Sailak, Elkano Fundazioarekin elkarlanean. Euskara hutsean idatzitako lehena da, baita Euskal Herriko latitudean kokaturiko lehena ere. Munduaren inguruan lehen bira egin zuen Juan Sebastian Elkano marinelaren omenez, Elkano euskal planisferioa izena ipini diote. Hain justu, bidaia haren 500. urteurrenean hasi ziren planisferioa prestatzen, eta bi urteko lanaren ostean aurkeztu dute. Izarrak behatzeko mapa modukoa da planisferioa. Euskal kostaldeko latitudean kokatu dute, hori ere Elkano gogoan, eta 43 graduko ipar latitudeko edozein lekutan erabil daiteke. Gradu apur batzuk iparralderago eta hegoalderago ere bai. Paperezkoa da, eta dagoeneko salgai dago, bai liburu dendetan bai Berria kazetaren dendan (https://www.berria.eus/berrialaguna/denda/). Erabiltzeko hainbat jakingarri behar direnez, eskuliburua ere badakar. Aurrerantzean ikastaroak emateko eta dibulgazio lana egiteko asmoa dutela iragarri dute Aranzadiko Astronomia Saileko kideek.