Munduaren amaiera inoiz baino hurbilago dago, Doomsday Clock edo Azken Judizioaren Erlojuaren arabera. Azken bi urtean gauerditik 90 segundora egon ostean, segundo bat aurreratu eta gauerditik 89 segundora utzi du Bulletin of Atomic Scientists-ek, erlojua kudeatzen duen erakundeak. 1947an sortu zutenetik, gizateria desagertzeko arriskuak modu sinbolikoan adierazteko, inoiz ez da amaierako ordura iristetik hain gertu egon. Are gehiago, Gerra Hotzaren garai gogorrenetan ere urrunago izan zuen gauerdia. Erakundeko zientzialariek hainbat arrazoi eman dituzte erlojua aurreratzeko: Ukrainako gerra luzatzeak dakartzan arriskuak, Ekialde Hurbileko gatazkaren areagotzea eta arma nuklearren kontrola apaldu izana. Gainera, klima aldaketaren ondorioak handitu egin direla ere kontuan hartu dute.