Banatu dituzte aurtengo Oscar sariak. Martxoaren hasieran jakin genuen zeinek dastatu duten garaipenaren gozoa. Guztien artean, Sean Bakerrek zuzendutako Anora nabarmendu da. Bost Oscar irabazi ditu, tartean garrantzitsuenak: filmik onenarena, zuzendaririk onenarena, jatorrizko gidoirik onenarena, muntaketarik onenarena eta, Mikey Madisonek, emakumezko aktorerik onenarena. Gizonezko aktorerik onenaren saria, berriz, Adrien Brodyk jaso du, The Brutalist filmagatik. Taldeko emakumezko aktorerik onena Zoe Saldaña izan da, Emilia Pérez filmean egindako lanarengatik, eta taldeko gizonezko aktorerik onena Kieran Culkin, A Real Pain pelikulan egindakoagatik. Nazioarteko filmik onenaren saria Walter Salles zinemagile brasildarrak eskuratu du, Ainda estou aqui lanarengatik, eta dokumental onenarena, No Other Land lanak. Beste hainbat sari ere banatu dira, jakina.
Eta zein 2024ko filmik kaskarrenak?
Aurkiak badu bere ifrentzua. Oscar sariak baino egun batzuk lehenago, Golden Raspberry edo Razzie sariak banatu zituzten, urteko zinema lanik txarrenak izendatzen dituztenak. Horien arabera, iazko filmik eskasena S. J. Clarksonen Madame Web izan zen. Ez zen izan jaso zuen sari bakarra: gidoi txarrenarena eta emakumezko aktorerik txarrenarena ere (Dakota Johnson) eskuratu zuen. Gizonezko aktorerik txarrena Jerry Seinfeld izan zen, Unfrosted filmeko lanarengatik. Zuzendaririk txarrenaren saria, ostera, Francis Ford Coppolak eskuratu zuen, Megalopolis filmarengatik, eta sekuelarik txarrenarena, Joker: Folie à Deux filmak. Lan horretako protagonista Joaquin Phoenixek eta Lady Gagak aktore bikoterik txarrenaren saria jaso zuten.