Errenteriako Orereta ikastolak antolatuko du aurtengo Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Aurten 60 urte bete ditu Orereta ikastolak, eta hirugarren aldiz antolatuko du Kilometroak. Erriola goiburua darama aurtengo jaiak, errioa eta ola hitzak batuta sortua. Izan ere, bai errioak bai historian herriak izan dituen ola eta fabrikek nortasuna eman diote Errenteriari. Hainbat helburu izango ditu aurtengo jaiak: herrian euskara eta euskal kultura indartzea, komunitatea sendotzea eta ikastolaren proiektuan lanean aritu direnei esker ona agertzea. Era berean, Añabitarte baserria, ikastolaren ikurra dena, berritzeko ere baliatu nahi dute. Urtea hasi zenetik, makina bat ekitaldi egin dute: Egunkaria-ren itxieraren 20 urteurrena gogoratzeko Egunkariatik Berriara izeneko ekitaldi sorta; euskara batuaren aldeko Batasunaren bidea giza katea... Nolanahi ere, urriaren 1ean egingo da hitzordu nagusia, Errenteriako herrigunean, egun osoz. Egitaraua xehe-xehe ezagutzeko, jo kilometroak.eus webgunera.