Lotara joan aurretik pantailei begiratzeak, kafea hartzeak eta halakoek loa kaltetzen dutela jakina da. Era berean, lotaratu aurretik musika entzutea lagungarria dela uste ohi da. Bada, Baylor-eko Unibertsitatean (AEB) egindako ikerketa batek dioenez, ez da hala. Alderantziz, kantu errepikakor eta itsaskorrak entzuteak loaren kalitatea kaltetzen du, baita musika instrumentalak ere. 209 lagunekin ikerketa eginda ondorioztatu dute kantu itsaskorren kaltea. Inkestak eta laborategi probak egin zizkieten parte hartzaileei. Horretarako, hiru kantu (ustez) itsaskor baliatu zituzten: Taylor Swift-en Shake It Off, Carly Rae Jepsen-en Call Me Maybe eta Journey-ren Don’t Stop Believin’. Azterketak egin ostean, abesti itsaskorrek earworm-ak (“entzumeneko zizareak”) sortzen dituztela egiaztatu zuten: buruan iltzatuta geratzen diren errepikak, lo garenean ere irauten dutenak. Ondorioz, loaren kalitateari kaltea eragiten diote, garunari ez diotelako uzten behar bezala atseden hartzen. Gainera, musika instrumentalak kanta letradunek baino “zizare” gehiago sortzen dituztela ohartu ziren. Nolanahi ere, errua ez al da izango, musikarena berarena baino, ikertzaileek aukeratutako abestiena? Horra beste ikerketa lerro interesgarri bat!