https://sites.google.com/view/hitzgurutzatuak webgunean eman daiteke izena, eta xehetasun guztiak jaso. Irudian, 2008ko txapelketa.
Hamar urteren ondoren, bueltan da Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa. 2007tik 2014ra bitartean bezala, Irunen egingo da. Izan ere, Gipuzkoako hiria euskarazko hitz gurutzatuen epizentroa izan da aspalditik: Joxean Elosegik sortutako Luma enpresak 90eko hamarralditik jardun zuen euskarazko denbora-pasak sortzen, eta haren ekimenez sortu ziren bai txapelketa bai jada desagerturiko Luma aldizkaria. Orain, Elosegik berak eta Irungo Aitzondo euskara elkarteak berriz heldu diote lehiaketari, 23. Korrika Irundik abiatzeak emandako bultzada ere lagun. Martxoaren 2an egingo da, Irungo Palmera-Montero gunean, goiz osoan. Parte hartzaileek bi ariketa egin beharko dituzte lehenik, eta lau onenak finalera pasatuko dira. Bertan, panel handi bat jendaurrean bete beharko dute. Lau onenek sari ekonomikoa jasoko dute, eta irabazleak, nola ez, txapela. Ondoren, parte hartzaile guztiekin bazkaria egingo dute. Irungo Udalaren laguntzarekin antolatu dute txapelketa, eta aurrerantzean ere segida emateko asmoa dute. Hitzak eta garuna astintzera animatuko?