Aurrerantzean, ez da zezenketarik antolatuko Karrantzan (Bizkaia). Hala erabaki zuten bertako herritarrek abenduaren 8an eginiko galdeketan. Guztira, zezenketei eustearen aurkako 343 boto jaso ziren, eta aldeko 252. Hamasei urtetik gorako karrantzarrek parte har zezaketen galdeketan. Udalerrian gutxi gorabehera 2.700 lagun bizi direla kontuan hartuta, hautesleen % 25 inguruk eman zuen botoa. 2013an ere galdeketa bera egin zuten, eta zezenketak mantentzearen aldekoak nagusitu ziren. Alabaina, azken urteetan gazte askok eskatu dute galdeketa berriz egiteko, aurrekoan ezin izan zutela parte hartu argudiatuta. Oraingoan debekuaren aldekoek irabazi dutenez, hemendik aurrera ez da zezenketarik egingo herriko El Suceso zezen plazan. Zezenekin beste zenbait ekitaldi ere egiten dira Karrantzako jaietan, izkingile saioak eta bigantxekin jolasak, kasu, baina horiei ez die eragingo erabakiak.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.