Hiri eremuetan gertatzen diren auto pilaketak ekiditeko, inurrien portaera aztergai izan daiteke. Hala uste dute, behintzat, Trentoko Unibertsitateko (Italia) Marco Guerrieri eta Nicola Pugno irakasleek. Inurriek jokabide sozial oso antolatua dute, eta, oso ugariak izan arren, modu ordenatuan mugitzeko gai dira. Hau da, etenik gabe egiten dute aurrera. Horiek horrela, inurri taldeen joan-etorriak aztertu dituzte aipatu irakasleek, besteak beste inurri bakoitzaren mugimenduak, ibilbideak, abiadurak, fluxuak eta dentsitateak. Mugitzeko orduan, inurri “buruzagiak” utzitako feromona arrastoei jarraitzen diete gainerakoek, eta horrela ibiltzen dira hain modu ordenatuan. Bada, ikertzaileek Transportation Research Interdisciplinary Perspectives agerkarian kaleratutako azterketaren arabera, inurriak eredu izan daitezke etorkizunean auto autonomoen zirkulazio sistemak sortzeko. Komunikazio teknologiak baliatuz errepide adimendunak, auto automatizatuak eta zirkulazioa kudeatzen duten sistemak elkarri lotuta, zirkulazioa hobetu egingo litzateke. Hots, autoak etenik gabe, azkar eta modu antolatuan mugituko lirateke. Baliagarria izango ote da inurrien irakaspena?