Cognitive Research: Principles and Implications aldizkarian argitaratu denez, apunteak berrirakurtzeak, azpimarratzeak edo kopiatzeak, edo testu bat buruz ikasteak, emaitza eskasak ditu DBHko ikasleen artean. Hori dio Hector Ruiz Martín, Marta Ferrero eta Fernando Blanco adituek Kataluniako 27 ikastetxetan egindako ikerketak, 3.414 gazteren ikasketa ohiturak aztertuta. Halaber, ikerketak baieztatu du musika entzunez ikastea ez dela gomendagarria, nahiz eta onartu balekoa izan daitekeela ikasteko leku onik ez duten ikasleentzat, lasaigarria eta hitzik gabekoa bada. Orduan, zein dira ikasteko teknika egokienak? Bada, elaborazioan eta ebokazioan oinarritutakoak. Elaborazioa irakurritakoa ulertzean datza, ezagutzen diren gauzekin lotuz, adibideak pentsatuz edo leitutakoa nork bere buruari azalduz, bere hitzekin. Ebokazioa, berriz, ikasitakoa oroimenetik berreskuratzea da: norbaitek ikasleari, edo nork bere buruari, galdetzea; laburpenak idaztea; apunteei begiratu gabe eskemak egitea... Ikasturte hasieran egonik, probatzeko garai aproposa, ezta?