Sormenean oparo, lan eta bizi baldintzetan eskas. “Prekarietateak bizi ditu artistak”, Lanartean Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak salatu duenez. Hain zuzen, euskarazko kultur sortzaileen alde lan egiteko sortu zen Lanartea, artisten baldintza kaskarrak hobetzeko eta, bide batez, euskararen eta euskal kultur sistema osoaren alde egiteko. Berriki, egoera latz horri zenbakiak ere ipini dizkio elkarteak, 245 sortzailek erantzun duten inkesta bati esker. Datu ugari aletu ditu galdetegiak, egoera gogor horren erakusle, baina bereziki esanguratsua den bat ekarriko dugu hona: jarduera artistikoa ogibide bakarra edo nagusia dutenek hilean 1.027,5 € garbi irabazi zituzten, batez beste, 2023an. Egoera aldatzeko, sei proposamen zehatz ere egin ditu elkarteak, besteak beste euskaraz sortutako kulturaren legea egitea eta sektorearen aldeko politikak gauzatzea. Kulturak denok aberasten gaituela aho betean esan ohi dugu, izan agintari, politikari edo herritar xehe. Denok aberastu, artistak izan ezik. Prekarietatea sortzeari uzteko garaia badugu.