Azken 50 urteotan, ugaritu egin dira hilketak filmetan. Hala ondorioztatu du AEBetako hiru unibertsitatek egindako ikerketa batek, 1970etik aurrera filmatutako 166.534 pelikula aztertu ostean. Adimen artifiziala erabiliz, lan horietako guztietako elkarrizketak aztertu dituzte, pertsonaiek “hilketa” edo “hil” hitzak zenbat aldiz aipatzen dituzten ikusteko. JAMA Pediatrics aldizkarian argitaratu dute ikerketa eta emaitzaren arabera, oro har, filmen % 7k hilketei buruzko aditzak dituzte. Gainera, urtetik urtera gero eta gehiago erabili dira halakoak, eta hizkera biolentoa pertsonaia maskulinoengan zein femeninoengan hedatu da. Hilketak ez dira soilik krimenei buruzko filmetan ugaritu, beste genero batzuetako pelikuletan ere ugaldu dira heriotza bortitzen aipamenak. Dena dela, hilketa kopurua askoz handiagoa izan daitekeela uste dute ikerketaren egileek. Izan ere, azterlan “kontserbadorea” egin omen dute: esaldi aktiboetan agertutako aditzak bakarrik aztertu dituzte, pasiboetan eta ezezkoetan daudenak baztertuta.