Gasteiz Antzokia “berandu baino lehen” abian izateko neurriak eskatu ditu Gasteizko Antzokiaren aldeko plataformak. Hainbat euskaltzalek sortu dute plataforma. Helburua lortzeko, hainbat mobilizazio iragarri dituzte: udal talde politikoekin elkarrizketak egingo dituzte, mozio bat aurkeztuko dute eta sarean sinadura bilketa hasi dute, beste gauza batzuen artean. Gasteizko euskalgintzarentzat funtsezko proiektua da Gasteiz Antzokia (Izaskun Arrue Kulturgunea du izen ofiziala). Ruiz de Bergara Jauregian zabaldu behar dute. Gasteizko Udalak duela urtebete amaitu zituen eraikina atontzeko lanak, baina itxita dauka ordutik, arrazoi administratiboak argudiatuta. Lazarraga elkarteak kudeatu behar du antzokia eta, horretarako, Udalaren dirulaguntzak jaso ditu. Halere, Udalak laguntzen zati bat bueltatzeko eskatu dio, ia 113.000 euro. Antzokia garaiz ez irekitzearen ondorioz, kudeaketa gastuak bai, baina diru sarrerarik ez du izan elkarteak. Kopuru handia izanik, eskariak kinka larrian utzi du elkartea. Plataformak bidegabetzat jo du Udalaren jokabidea, eta konponbideak eskatu dizkio.