Maiatzaren 10ean Nafarroako zubietan euskararen alde batzera deitu du Sorionekuak dinamikak. Horrela, zubietan bilduta, “etorkizunera begirako konpromisoa” erakutsi nahi dute, “euskaratik, euskaraz eta euskararendako”. 2023an sortu zuten Nafarroako hainbat eragilek Sorionekuak mugimendua, euskara nafar guztien hizkuntza dela azpimarratu eta bazterkeriarik gabeko etorkizuna aldarrikatzeko. Urte hartan, manifestazioa ere egin zuten, eta bide horretan bigarren ekintza izango da hauxe. Hala, etorkizunerako zubiak eraikitzeko asmoa azaldu dute idatzi batean: “Guztiok, elkarrekin, inor atzean utzi gabe. Geure burua babestu baino, geure burua eraiki nahi dugu, euskaratik, euskaraz, euskararekin, euskararantz”. Horrenbestez, “bada garaia euskarari dagokion tratamendua eta lekua emateko”. Nafarroako jendarteko hainbat arlotako lagunek egin dute deia, eta “gurekin batera urrats hau egiteko prest zaudeten eragile sozial eta politiko orori” zabaldu diote.