Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek hiru kutsatzaile organiko multzoren kontzentrazio nahiko handiak antzeman dituzte Iratiko oihaneko liken eta goroldio espezie banatan. Zehazki, hiru motatako konposatu organiko iraunkor aztertu dituzte, hirurak toxikoak: PAH hidrokarburo polizikliko aromatikoak, bereziki errekuntza prozesuetan sortzen direnak; PCB poliklorobifeniloak, isolamendu elektrikoetan erabiltzen zirenak; eta OCP pestizida organokloratuak, nekazaritzan erabiltzen zirenak eta egun debekatuak daudenak. Ikerketan ondorioztatu dutenez, kutsatzaile horietako batzuk inguruko hiriguneetatik iristen dira. Beste batzuk nekazaritzan egiten diren errekuntzen ondorioz sortzen dira. Azkenik, besteak pestizida eta isolatzaile elektriko batzuek duela zenbait urte debekatuak izan aurretik eragindako kutsadurari dagozkie. Ikertzaileek gogoratu dutenez, konposatu organiko horiek atmosferan oso urrutira iritsi ohi dira, haizeari esker. EHUko Ibea ikerketa taldeak egin du azterketa, Frantziako Zientzia Ikerketarako Guneko (CNRS) eta Nafarroako Unibertsitateko kideekin batera.