Hil honetan, Korrikaren bi ahizpa ibiliko dira lasterka Frantziako Estatuko bi lurraldetan, Korrikak bezala lekuko barruan mezu sekretu bana eramanez. Batetik, La Passem ekimena martxan da dagoeneko. Apirilaren 30ean abiatu zen Tarbetik, eta maiatzaren 5ean helduko da Mont-de-Marsanera, Frantziako bost departamendu zeharkatu ondoren. Bi urterik behin antolatzen du Ligams elkarteak bai okzitaniera sustatzeko bai lenga nosta (gure hizkuntza) transmititzeko eta lanean ari diren proiektuetarako dirua biltzeko. Bestetik, Bretainiako Ar Redadeg ekimena maiatzaren 17tik 25era ospatuko da, Pointe du Raz eta Morlaix artean, 2.222 kilometro egin eta bretoiera bultzatzeko; besteak beste, hizkuntza hori irakasten duten Diwan eskolei laguntzeko asmoz. Bietan izango da AEKren ordezkaritza, Korrikaren koordinatzaile Ane Elordi Alburquerque buru.