Mendiko turismoa garatu nahian, herrialdeko zortzi zortzimilakoen zerrenda ofizialari beste sei batu nahi dizkio Nepalek: Yalung Kang, Mendebaldeko Yalung Kan, Hegoaldeko Kangchenjunga, Erdiko Kangchenjunga, Erdiko Lhotse eta Lhotse Shar. Nepalgo Turismo Saila Gobernuaren oniritziaren zain dago, ondoren UIAA Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasunak ere onar ditzan. Halere, ez dirudi hala izango denik, UIAA munduko 14 zortzimilakoen zerrenda klasikoa bere horretan uztearen aldekoa da. Nepalen aspaldiko eskaria da orain egindakoa. Haatik, sei gailurrak historikoki bigarren mailakotzat jo izan dira. Nepaleko ordezkarien ustez, gailur bati berezko izaera emateko nahikoa da bi baldintza betetzea. Batetik, bi tontorren arteko mendi-lepoaren punturik baxuenera 500 metroko tartea izatea. Bestetik, beste gailurrekin biderik ez partekatzea. UIAAk, aldiz, beste irizpide bat du: goraguneak (mendi batetik bestera joateko jaitsi beharreko desnibela) 300 metrokoa edo gehiagokoa izan behar du. Sei gailurrok ez dute betetzen. Dena dela, UIAAk onartu du Nepalgo Gobernuak nahi duena erabaki dezakeela.