Durangoko Plateruena kafe antzokia izandakoak joan den hilaren hasieran zabaldu zituen berriro ateak, “kultur aterpe” bihurtuta. Horrela izendatu dute arduradun berriek, “herriko elkarte eta eragileei zein Euskal Herriko edota nazioarteko sortzaileei aterpe ematea” duelako xede. Hain zuzen ere, proiektua gidatzeko Kultur Mahaia sortu dute, herriko hemeretzi eragile eta norbanakok osatua, Durangaldeko AEK tartean. Eraikina, berriz, Durangoko Udalarena da. Hortaz, kudeaketa eredu berriak jardun publikoa eta komunitarioa uztartuko ditu, askotariko kultur emaitzaren bila: kontzertuak, bertso saioak, egonaldi artistikoak, ikuskizunak, hitzaldiak, ikastaroak, ikus-entzunezkoak, ekitaldiak, jardunaldiak... Guztia Piztu, Poztu, Puztu! lelo berria gogoan hartuta. Hil honetan, adibidez, Neomak eta Sua taldeak izango dira apirilaren 1ean, eta Delirium Tremens eta La excavadora hilaren 23an.