Babestu maite duzun mendia lelopean, hainbat mendi martxa antolatu ditu Arabako Mendiak Aske plataformak, helburu jakinarekin: Arabako mendi eremuetan jarri nahi dituzten proiektu eoliko eta fotovoltaikoak salatzea, naturagune horietan kalte handiak eragingo dituztelako. Plataformak iaz antolatu zituen, lehenengoz, mendi martxak. Energia berriztagarriak ezartzeko bestelako bideak baliatu behar direla aldarrikatzen du, natur ondarea ez kaltetzeko. Aurtengo lehen mendi martxa martxoaren 25ean egin zuten, Ullibarri Jauregin. Apirilean, Aramaion, Duranan eta Aiaraldean ibili dira. Hurrengo hitzorduak: maiatzaren 27an Cantoblancon, ekainaren 10ean Jesurin eta uztailaren 1ean Elgeamendin. Era berean, maiatzaren 20an, Euskal Herria Bizirik plataformak Gasteizen antolatutako manifestazioan parte hartuko dute. Martxei buruzko informazio gehiago www.arabakomendiakaske.com webgunean jaso daiteke.