Zientzian berdintasuna lortzeko bidean, ekintza txiki bakoitzak aldea ezar dezake. Ideia nagusi hori azpimarratu nahi du aurten Emakumeak Zientzian ekimenak. Horretarako, Hazia erein leloa erabili eta nabarmenduko du. Aurtengoa 9. edizioa du ekimenak, eta otsailaren 7tik 15era egingo da. Guztira, adin guztietarako 60 ekintza baino gehiago antolatu dituzte: tailerrak, bisitak, mahai-inguruak... Ekitaldiak Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dira. Egitarau zehatza ezagutzeko eta ekintzetan izena emateko, www.emakumeakzientzian.eus webgunera jo behar da. Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da, eta egun horren bueltan antolatzen da Emakumeak Zientzian, helburu argiarekin: batetik, zientzian aritzen diren emakumeen lana ikusaraztea; bestetik, jarduera zientifiko eta teknikoak gizonezkoen kontua diren ustea ezereztea; eta, azkenik, neskek eta nerabeek zientzia ikasketak hauta ditzatela sustatzea. Orotara, 35 euskal erakundek egiten dute bat proiektuarekin.