Duela 40-50 milioi urte sortu zen Himalaia mendikatea, Indiako eta Eurasiako plaka tektonikoen arteko talkaren ondorioz, eta jakina da haren altuerak hazten jarraitzen duela. Everestek, kasu, 8.848,86 metro neurtzen du egun, baina Londresko University College-ren ikerketa berri baten arabera, uste baino bi aldiz azkarrago ari da hazten. Hori zergatik gertatzen den ere azaldu du ikerketak: duela 89.000 urte, Himalaia eskualdeko Kosi ibaiaren higadura ahalmena handitu egin zen, hurbil zeukan Arun ibaiaren emariaren zati bat bereganatu zuelako. Aldaketa horrek hainbat gertaera geologiko sorrarazi zituen, besteak beste Everest azpiko haraneko arrokak azkarrago higatzea. Aldi berean, erosio horrek lurrazalaren erreakzio naturala eragin zuen, masa galera orekatzeko. Bada, elkarreragin hori da, hain zuzen, Himalaia mendikateak gorantz egiteko arrazoia. Meritu handiagoa izango dute etorkizunean Everestera igoko diren alpinistek?