Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Bizkaian bagara. Berbak zubi izeneko programa jarri dute abian, lurralde osoan euskararen presentzia suspertzeko, betiere errealitate linguistiko eta publiko ezberdinetara egokituta. Programari esker, datozen hiru urteetan 10.000 bizkaitar bultzatu nahi dituzte euskara egunerokoan erabiltzera. Horretarako, hiru lan ildo estrategiko landuko dituzte, aldi berean eta sei proiekturen bitartez. Batetik, saretzea eta aktibazioa, tokiko euskaltzaleekin parte hartzea bultzatuko duten prozesuak antolatuz, eta aktibazio eta ahalduntze aukerak eskainiz. Bestetik, aniztasunaren kudeaketa: Auzoko Elkarrizketak ekimenaren bidez, euskaratik urrun bizi diren herritarrei euskarara hurbiltzeko baliabideak eskainiko zaizkie. Azkenik, Euskararen Kriseilua eta Elkarrizketa Musikatuak ekimenak antolatuko dira, familiengan eta gazteengan erabilera sustatzeko, hurrenez hurren.