Sergio Leone zuzendariaren Il buono, il brutto, il cattivo (1966) spaghetti western ezagunak museoa izango du Covarrubias herrian (Burgos, Espainia). Hortik gertu grabatu zuten, Arlanzako haranean, filmeko azken eszena: Clint Eastwood, Lee Van Cleef eta Eli Wallach aktoreen arteko duelu gogoangarria Sad Hill-eko hilerrian. Egun ere bisita daiteke parajea, Sad Hill izeneko kultur elkarteak filmeko eszenatokiak berregin baitzituen. Halere, elkarteak ez du museoarekin zerikusirik. Covarrubiasko Udalak sustatua, Carlo Simi – Sad Hill Museoa izena izango du. Simik Leoneren film askotako eszenografiak sortu zituen, tartean aipatu pelikulakoak. Atrezzoko osagaiak, zirriborroak... Simiren materiala bilduko du museoak, bai film honetakoa bai beste batzuetakoa ere. Covarrubiasko elizaren ondoko eraikin batean atonduko dute museoa. Oraingoz, garapen fasean dago, proiektua abiatzeko aurrekontuak osatzen ari direlako. Bestela ere, filmaren zaleek badute zer ikusi ingurune horretan: fikziozko hilerriaz gain, filmeko beste kokaleku ugari eskualdean daude.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.