Uztailaren 1etik 31ra, Euskal Herriko eta diasporako 125 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute, oinez eta euskaraz. Aurten, 2007an eta 2008an jaiotakoek egin ahal izango dute, baita 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoek ere, baldin eta Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa edota diasporakoak badira. Parte hartu nahi dutenek zabalik dute dagoeneko izena emateko epea. Horretarako, aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte. Banakako proiektua egiteko, hiru gai izango dituzte aukeran: euskara batua eta euskalkiak, emakumea eta kirola, eta utopia; eta sei formatu: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Izena emateko eta lanak aurkezteko epea martxoaren 8an amaituko da, eta apirilaren 24an jakinaraziko dituzte hautatuen izenak. Xehetasun guztiak, euskarabentura.eus webgunean.