Urtarrilaren 27an banatu zituzten, Usurbilgo Atxega Jauregian, 2023ko Argia sariak. Ohi denez, Argia aldizkariaren sari ezagunek komunikazioaren arloan azken urtean nabarmendutako ekimen eta pertsonak saritu zituzten. Prentsa atalean, Zugazart saritu zuten, hau da, ezizen horrekin Gara egunkarian egunero zintak kaleratzen dituen Unai Iturriaga bertsolari eta irudigilea. Ikus-entzunezkoen atalean, Ander Iriartek torturari buruz egindako Karpeta urdinak dokumentala izan zen saritua. Entzunezkoen alorrean, Inurri Elkartearen (Min)Bizi podcasta, non, Olatz Mercaderrek gidatuta, bularreko minbizia izan duten emakumeen bizipenak jasotzen baitituzte. Interneti dagokion saria euskal Mastodon komunitateak jaso zuen. Sustapen saria, berriz, Azterketak euskaraz! ekimenak, hots, Ipar Euskal Herriko ikasle euskaldunek azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duen kanpainak. Azkenik, Merezimenduzko Saria Oihana Goirienari eman zioten, espioi izatea egotzita Polonian urtebete kartzelatua daraman Pablo Gonzalez kazetariaren emazteari. Zorionak guztiei!