Munduko biztanleen % 40k uste dute badirela “madarikazioak eta sorginkeriak egin ditzaketen pertsonak”. Hau da, aztikeriatan sinesten dute. Hori dio PLOS ONE agerkarian argitaratutako azterketa batek. Washingtongo Amerikar Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek egin du, guztira 95 herrialdetako 140.000 lagunen datuak baliatuz. Emaitzak oso desberdinak dira tokiaren arabera: esaterako, Suedian, biztanleen % 9k baino ez dute sinesten halako kontuetan; Tunisian, aldiz, % 90ek. Beste hainbat faktorek ere eragina dute, hala nola kultur ezaugarriek edota sozioekonomikoek. Adibidez, hezkuntza maila eta ziurtasun ekonomiko handiagoa dutenek gutxiago sinesten dute. Zenbait adituk zalantzan jarri dute ikerketa, besteak beste aztikeria eta sorginkeria ulertzeko moduak oso ezberdinak direlako kultura batean edo bestean. Eta Euskal Herrian, zer? Espainiako datuak dira hurbilekoenak: ikerketaren arabera, Espainiako herritarren % 33k sinesten dute sorginkeriatan. Eta zuk?