Gerrari ihes egiteko, arrano pikartek beren hegaldiak aldatu dituzte Ukrainan. Hala egiaztatu du East Anglia Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile talde batek, Polesia eskualdeko (nagusiki Bielorrusiako eta Ukrainako lurretan dago) zenbait arrano pikarten hegaldiak aztertu ostean. Ikertzaileak gerra aurretik ari ziren azterlana egiten, GPSen bitartez. Baina 2022an gerra hasteak gatazkaren ondorioak neurtzeko balio izan zien. Current Biology aldizkarian argitaratu dituzte ondorioak. Besteak beste, arranoek beren migrazio bideak aldatu zituzten, Ukrainako borrokalekuak saihesteko. Gainera, bidean geldialdi gutxiago egin zituzten. Guztira, ohiko ibilbideak 85 kilometro luzatu zituzten, baita hegaldi orduak ere: emeek, batez beste, 193 orduko bidaia egiten zuten gerra aurretik, eta 2022an 246 ordukoa; arrek 125 ordukoa gerra baino lehen eta 181 ordukoa ondoren. Ondorioz, kumeak hazteko ohiko lekuetara beranduago iristen dira arranoak eta energia gehiago gastatzen dute. Ikertzaileen ustez, horrek guztiak eragin negatiboa du kumeen hazkuntzan.