Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak bultzada eman die Irulegin egiten ari diren indusketa lanei. Hala, Aranzadi zientzia elkarteak inoizko indusketa kanpainarik luzeena egingo du eremuan. Hiru hilabete iraungo du, ekainaren erdialdetik irailaren 17ra arte. Aurten, gainera, oraindik aztertu gabea zuten toki batean ariko dira. Ehun metro koadroko gunea da, Aranzadikoen ustez “potentzialtasun handikoa”. Indusketa lanak eta horiek egingo dituzten historia eta arkeologia ikasleen lana babesteko, mikromezenasgo kanpaina ere abiatu du Aranzadik, www.aranzadi.eus gunean. Laguntzaren truke, bisita gidatuak eskainiko dituzte. Finean, aurtengo udan, batzuen lana, besteen plana: Aranguren Ibarreko Udalak aparkalekua zabalduko du udan Irulegi mendiaren magalean, aztarnategia bisitatzera joaten direnak oinez gertura daitezen. Gainera, Irulegiko Eskua aurki izango da Nafarroako Museoan ikusgai, zaharberritze lanak amaitzen dituztenean.