Biztanleen % 70ek baino gehiagok euskara ezagutzen duten udalerriak jotzen dira udalerri euskalduntzat. Bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ugaritu egin dira, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak azaldu duenez. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak urriaren amaieran plazaratutako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsua oinarri hartuta, udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoaren bilakaera aztertu du Uemak. Emaitzek argi-ilunak dituzte, eta zenbait datu kezkagarri ere bai. Udalerri euskaldunen kopurua hazi egin da, bai, eta, “oro har”, ezagutzaren beheranzko joera eten egin da, nahiz eta aurreko urteetako galera ez den berreskuratu. Horrek zuzeneko eragina izan du euskararen etxeko erabileran, beherakada “gero eta nabarmenagoa” delako, Uemak jakinarazi duenez: 1991n, % 72ko ezagutzarekin, erabilera % 54koa zen; 2021ean, ezagutza % 73koa eta erabilera % 41ekoa. Datu askoz gehiago ere aletu ditu Uemak. Denak jasotzen dituen txostena uema.eus webgunean irakur daiteke.