Trikitilari bilbotarra jendaurrean agertuko da berriz, iktus bategatik ia lau urtez agertokietatik at egon ostean. Errehabilitazio prozesu luzea behar izan duen arren, Junkerak sortzen jarraitu du, “musikarekin, poesiarekin, argazkigintzarekin, pinturarekin... hunkitzen”, ingurukoen esanetan. Hala, trikitilariak liburu baten sorkuntza bultzatu du, bere musika ibilbidean kolaboratu duten artistak gonbidatuta: Ara Malikian, Santiago Auserón, Pablo Milanés, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak… Bestalde, Fermin Aio zinemagileak liburuaren sorkuntza prozesua erakutsiko du Berpiztu izeneko dokumentalean. Zuzendariaren asmo nagusia da musikariak sendatze prozesuan, bere ondarea ordenatzeko saiakeran eta jendaurrean berriro azaltzeko ahaleginean transmititzen duen zirrara erakustea. Hori dela eta, Junkeraren lagun artistei egindako elkarrizketekin batera, filmak musikariaren egunerokotasuna agertuko du.