Bertsoz mukuru1 dator udazkena: Bizkaiko eta Nafarroako txapelketak martxan daude dagoeneko, eta, Bertsularien Lagunak Elkarteak antolatuta, azaroaren 8an hasiko da Xilaba Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Bideak bide lelopean. 24 bertsolarik parte hartuko dute txapelketan, eta bederatzi saio izango dituzte finalerako bidean. Lehen faseko saioak azaroaren 8an, 15ean, 22an eta 30ean izango dira, Bidarten, Domintxainen, Ainhoan eta Ligin, hurrenez hurren. Bigarren fasean, hiru saio jokatuko dituzte: abenduaren 6an Aiherran, 13an Muskildin eta 21ean Hiriburun. Final aitzinekoak Baigorrin eta Bardozen egingo dira, urtarrilaren 10ean eta 17an, hurrenkera horretan. Finala, berriz, urtarrilaren 31n izango da, Donibane Lohizunen. Finalera iristen diren sei bertsolarietatik bostek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan lekua eskuratuko dute. Saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian2 eros daitezke.
1. Mukuru: oso beteta, gainezka, josita.
2. Atari: webgune, web orri.

 
															 
      
      
    