Mundu zabalean, euskal etxe asko dago martxan. Afrikan, ordea, ez; oraingoz, bederen. Izan ere, Ekuatore Gineako Errepublikan, euskal etxea zabaltzeko urratsak egiten ari dira. Horretarako, Bat eginez izeneko elkartea sortu dute. Estatutuak osatu ostean, orain Ekuatore Gineako administrazioak elkartea legeztatzeko izapideekin ari dira. Behin herrialdeko agintarien baimenak jasota, elkartekoek Eusko Jaurlaritzaren onarpena eskatu beharko dute, euskal etxeen erregistro orokorrean sar dadin eta izaera ofiziala izan dezan. Euskalkultura.eus atariak jaso duenez, egitasmoaren sustatzaileek espero dute bi hilabeteren buruan amaitzea izapide guztiak. Hortaz, eta data zehatz-zehatzik izan ez arren, Afrikako lehen euskal etxeak aurki zabalduko ditu ateak Malabon.