Immunitatea handitzen du, hanturaren aurka ona da... ugariak dira baratxuriaren onurak. Eragozpen nabarmena du, ordea: kiratsa utzi ohi du hatsean. Bada, Ohioko Estatu Unibertsitatean (AEB) egindako ikerketa batek irtenbidea eman diezaioke: jogurta jatea. Ondorioztatu dutenez, baratxuri gordinaren usain mina eragiten duten osagai lurrunkor gehienak airera joatea eragozten du jogurtak. Haren uraren, koipearen eta proteinen eragina aztertu dute, banan-banan. Eraginkorrenak koipeak eta proteinak izan dira. Baratxuri frijituaren kasuan, aldiz, osagai gutxiago indargabetu zituen jogurtak. Frijitzean, osagai horiek asko murrizten dira, eta horixe izan daiteke arrazoia. Kiratsa apaltzeko, esne osoz egindako jogurt naturalak dira onenak, horiek baliatu baitituzte ikerketan. Greziar estilokoak are hobeak dira, proteina gehiago dituztelako. Ikertzaileek azaldu dutenez, bestelako zaporea dutenek ere eragina izango dute, ziurrenik. Hori bai, betiere baratxuria jan eta berehala hartzen badira.