Parisko Louvre Museoko artelanik ezagunenak, Leonardo Da Vinciren Gioconda margolanak, gela berria izango du. Hori diote, bederen, Louvreko arduradunek. Munduko artelanik bisitatuena da Gioconda edo Mona Lisa: urtean 10 milioi lagun inguru hurbiltzen zaizkio. Museoko Salle de Etats izeneko aretoan dago. Gela handia da, baina hainbeste bisitari dituenez, pilaketak egoten dira koadroaren aurrean. Bisitari bakoitzak 50 segundo ditu, batez beste, obra miresteko. Gainera, artelana bera oso babestuta dago, eta aretoa txikia iruditzen zaie askori, nahiz eta handia izan. Ondorioz, jendea frustratuta geratzen da ikusten duenean. Horrez gain, inguruko koadroei ez diete kasu zipitzik egiten, haiek ere maisulanak izan arren. Hori ekiditeko, museoko sotoan gela berri bat ireki eta hantxe jarri nahi dute Mona Lisa ikusgai. Sarrera propioa izango du, jende ilarak laburtzeko. Haatik, horretarako lanek 500 milioi euro balioko dute, eta Frantziako Ogasun ministroak ez du halako gasturik egin nahi. Kultura Ministerioak, aldiz, baietz dio, baita Louvreko arduradunek ere. Izango al du gela berririk Mona Lisak?