Brasilgo oihanean zubi esekiak jartzen ari dira, animaliak baso barruko errepideak gurutzatzean hil ez daitezen. Izan ere, espezie asko desagertzeko arrisku bizian daude. Batetik, gero eta zuhaitz gutxiago dagoelako, deforestazioaren eraginez; bestetik, oihana zeharkatzen duten errepideetako autoek harrapatu eta akabatzen dituztelako. Hori dela eta, Fernanda Abra biologo brasildarraren Reconecta proiektua zubi esekiak eraikitzen ari da errepideek bereizitako arbolen artean. Zubi bakoitzak hainbat bide ditu, ahalik eta animalia mota gehienek erabiltzeko: sarez egindako azalerak ugaztun txikientzat, altzairuzko kableak sokaz txirikordatuta primateentzat... Kamerak ere bai, zubia gurutzatzen duten animaliek zein bide aukeratzen duten jakiteko eta, hurbildu arren, gurutzatzen ez dutenak ikusteko. Helburua, zubien diseinua hobetzea, oihaneko espezieak ugaltzeko: animalien bizi eremua handitutakoan, ura, elikagaiak eta lagunak aurkitzeko aukerak ere ugaritu egingo baitira.