Garagardo kopurua gutxitu eta, gainera, kalitatea okertu egingo da Europan etorkizunean, muturreko bero boladak eta lehorteak ugaritzen badira. Hala dio Txekiako Zientzia Akademiako ikertzaile talde batek. Nature Communications agerkarian jakinarazi dutenez, aipatu klima baldintzek lupuluaren laborantza kaltetzen dute: heltzea aurreratzen dute, landareen ekoizpena gutxitzen eta garagardoari zapore mikatza ematen dion osagaia murrizten dute. Hortaz, laborantza klima aldaketara egokitu ezean, etorkizunean garagardoaren kantitateak eta kalitateak okerrera egingo dute. Hainbat tenperatura eta euri kopuru oinarri hartuta, simulazioak egin dituzte ikertzaileek. Horien arabera, 2050. urterako lupuluaren errendimendua % 31 apal daiteke, eta zapore mikatza ematen duen osagaiarena % 18. Egoera baikorrenetan, murrizketa % 4 eta % 20koa litzateke, hurrenez hurren. Kalterik handiena Eslovenian, Portugalen eta Espainian gertatuko da. Nolanahi ere, garagardoaren zaporearen eta kalitatearen eskastea sumatzen ari omen dira dagoeneko.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.